Hau da gaur egungo kodearen espiritua. Lehen aipatu bezala 2007an aldatu egin zuten kodea eta 2009tik hona hau da indarrean dagoena. Ondoren azaltzen dira garai hartan egin nahi izan ziren aldaketak:
- Zigorrak. 2003ko kodeak aipatzen dituen zigorrak aipatzen ditu berriak ere, baina birritan positibo emateagatik ezarritako zigorra aldatzen da. Bizi osorako zigorra kendu eta zenbait zigor aukera zehazten dira, egindakoaren larritasunaren arabera. Adibidez, kirolari bat bi urtez zigortua egon bada eta berriro positibo ematen badu, zortzi urteko zigorra jasoko luke gutxienez eta bizi osorakoa gehienez. Hirutan positibo emateagatik, zigorra beti izango da bizi osorako.
- Aitortzak. Kontrol batean positibo eman aurretik edo haren kontrako frogak agertu aurretik kirolari batek dopatu dela aitortzen badu, zigorra erdira jaitsiko litzaioke.
- Zirkunstantzia larrigarriak. Zigorrak ezartzeko garaian kontuan hartuko dira horiek. Dopin sare bateko kidea izatea, substantzia bakarra edo gehiago hainbatetan erabiltzea edo frogak ezkutatzea izan litezke horiek.
- Uko egiteagatik. Kontrol bati lehen aldiz uko egiteagatik bi urteko zigorra ezartzen zaio kirolariari. Behin baino gehiagotan uko egiteagatik, lau eta zortzi urte bitartekoa.
- Trafikatzeagatik. Dopatzeko produktuak banatu edo haiekin trafikatzeagatik lau urteko zigorra ezarriko da gutxienez, eta izan liteke bizi osorakoa ere.
- Ihes egiteagatik. Kontrol bat ez pasatzeagatik ezkutatu edo ihes egiten duenak urtebete eta bi urte bitarteko zigorra jasoko luke -lehen, gutxienekoa hiru hilabetekoa zen-. Hiru kontroletara ez agertuta ere, zigorra beti izango da bi urtekoa.
- Errugabea noiz. Kirolariak argitzen badu debekatutako substantzia hori bere gorputzera nola iritsi zen eta ez zuela bere errendimendua hobetzeko hartu, zigorra kargu hartze bat bakarrik izan liteke edo, gehienera jota, bi urtekoa.
- Lehentasuna. Kode berriak lehentasun osoa jartzen du «kontrol zehatzak» deitzen dituenetan. Alegia, kirolari bat dopatzen den susmo argiak izanez gero, lehentasuna jartzen da kirolari horren jarraipen eta kontrolean. Gainera, zigortuta dauden kirolariei analisiak egiten jarraitzea beharrezkotzat jotzen da.
- Positibo eman gabe zigortu. Inoiz positibo eman gabe ere kirolaria zigortzeko aukera ezartzen du kode berriak. Tim Montgomery eta Chyste Gainesekin gertatu zen, 2005. urtean. «Debekatutako substantzia eta metodoen erabilera froga daiteke beste datu fidagarri batzuekin ere: kirolariaren aitortzekin, lekukoen testigantzekin edo froga dokumentalekin», nabarmentzen da kode berriko artikuluan. A eta B laginek emaitza berbera ematea ere ez da beharrezkoa, hori azaltzeko «behar bezalako azalpenik badago». Marion Jonesekin hori gertatu zen 2006an.
- Erantzukizuna. Kode berriak kirolaria egiten du bere positiboaren erantzule, araurik ezagutzen ez zutela esanez zigorra saihestu ez dezaten. «Kirolarien eta haien arduradunen erantzukizuna da Debekatutako Zerrendan agertzen diren substantzia eta metodoak ezagutzea eta haiek erabiltzea dopinaren kontrako araudia apurtzea dela jakitea».
- Informazioa. Kontrol batean ezohikoa den emaitza bat agertzen bada, emaitza hori ezingo da publiko egin positiboa dela berretsi arte. Lehen lagin horren ondorioz kirolaria zigortu behar bada, ezingo da zigortua izan aurretik berarekin hitz egin gabe.
- Ezinbesteko baldintza. 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera nazioarteko kirol ekitaldi handi bat antolatu nahi duen herrialdeak (Olinpiar Jokoak edo nazioarteko txapelketak) Unescoren dopinaren kontrako konbentzioa onartu beharko du.
No hay comentarios:
Publicar un comentario